2013(e)ko azaroaren 4(a), astelehena




Haurren ehun hizkuntzak : Reggio

Reggio Emilia Italiako iparraldean kokatutako hiria da, mundu osoan ezaguna 0-6 urte bitarteko haurren hezkuntza eredu (Reggio Approach izenez) bezala. Abentura hau Bigarren Gerrate Mundialaren ondoren hasi zen, 1945. urtean emakume talde batek, kooperazio lanean 3tik 6 urtera bitarteko haurrentzat lehen Haurreskolak eraiki zituztenean.
Familien partehartzea, giza harremanen pedagogia, haur eta helduen arteko kooperazioa edo eta sormenaren garrantzia izan dira mugimendu honen ardatzetariko batzuk.

 


Reggio Emilia: proiektu filosofiko pedagogikoa 

Reggio Emilian beren buruari etengabe egiten dioten galdera eta erantzuten saiatzen direna hauxe da: "Nola lagun ditzakegu haurrak, eta ondorioz, gure buruak, egiten dugunari zentzua bilatuz?"
Haurrak etengabe ari dira hori egiten: guri begiratzen digutenean, gauza guztien zergatiak galdetzen dituztenean... Bizitzaren zentzua bilatzen ari dira, izatearen zentzua. Nor naiz? Norbanakoaren zentzua bilatzerakoan, bizitzaren zentzua ari dira bilatzen.
Nola defini daiteke galdeketa eta bilatze lan horren ondorioz, Reggio Emiliako Haur Eskoletako esperientzia? Zer da Reggio Emiliako partaideentzat eskola?
Ikerketa eta esperimentazio gunea da. Haurraren esperientziari, bere bizitzaren zentzuaren bilatze bide horretan topagune bat eskaintzen dion eskola da. Haurrek eta helduek elkarrekin eraikitzen duten bilatze jarduna da, horren ondorioz garrantzi handiko balioa garatzen delarik, partaidetzaren balioa: familiaren partaidetza eta protagonista guztiena; ikerketa horren balioaz kontziente diren protagonisten partaidetza.
Bere identitatea etengabe bilatzen ari den eskola da. Etengabe bere buruari galderak egiten dizkion eskola. Eta hain zuzen ere, etengabeko galdeketa hori da Reggio Emiliak esperientzia pedagogiko bezala eskaintzen duena -eta eskaini nahi duena-.
Zentzuen eta esanahien bilaketa gunea da bai eskola barrua eta bai eskola inguratzen duen guztia.
Aipatu galdera horien guztien artean, bada funtsezko galdera bat, eta, beroni erantzuterakoan, hautu bat egin dute, erantzun horrek ematen baitio orijinaltasuna proiektuari. Hauxe da hasiera batean hain sinplea dirudien galdera, baina erantzunaren arabera praktika desberdinak bideratzen dituena:


Nor da, zer da haurra?
Nor da hezten ari garen eta saiakera horretan gu hezten gaituen subjektua? Zer esan nahi du "hezi" hitzak? Zein da heziketa prozesuaren betebeharra?...
Reggio Emilian badakite galdera horiek ez dituztela filosofoek bakarrik erantzun behar. Badakite hezteko betebeharra duen bakoitzak ere (irakasle, guraso...) ataka horretan jarri eta erantzun horiek bilatu beharko lituzkeela bere hezitzaile lanaren zentzua eta esanahia aurkitzeko.
Garbi adierazten digute haurraren kontzeptua anitza dela, ikuspegi, garai eta kultura bakoitzak haurrari buruzko imajina/irudi bat garatzen duela, eta imajina/irudi hori islatuko dela heziketa proiektuetan. Reggio Emilian, eta baieztapena hau probokatzailea dela jakinda ere, haurtzaroa existitzen ez den ideia edo premisatik abiatzen dira haurrari buruzko imajina egiterakoan.
Haurtzaroa giza eraikuntza da eta gizarte bakoitzak bere haurtzaroa eraikitzen du. Beraz, eraikuntza sozio-politiko eta kulturala da. Gutxi dira gaur egun eraikuntza horren abiapuntu bezala eskubideak aukeratzen dituzten gizarteak; ohikoagoa da beharretatik eta gabezietatik abiatzea.
Psikologiak eta pedagogiak gero eta gehiago azpimarratzen dituzte haurraren beharrak, hutsuneak, gabeziak, haurrak baduena eta haurra badena azpimarratu beharrean. Haur hauskorraren imajina gailendu da, beharrez eta gabeziaz beterikoa, eman egin behar zaion haurrarena. Berari buruz guztia erabaki dezakegu helduok. Haurra pribatua da; "nire semea-alaba", "nire ikaslea da". Gizarteak erabili, ahaztu, ezkutatu... egin dezakeen subjektuaren imajina gailendu da.
Loris Malaguzziri esker eraikitako esperientzia zera da: haurtzaroa subjektu politiko eta sozial moduan erreklamatu ahal izateko eta bere eskubideak adierazteko, elkarrekintzan eta haurraren gaitasun eta ahalmenetan oinarritutako haurraren irudia sortzea. Reggio Emilian haurraz hitz egiten denean, gizonaz eta emakumeaz hitz egiten da.
Horregatik, Reggio Emilian beste guztien artean imajina hau aukeratu dute: haur sendo (indartsu) aberats eta gaitua . Beharrak badituela ahaztu gabe, baina batez ere bere ahalmenak, errekurtsoak eta eskubideak azpimarratuz.
Haurraren imajina hori aukeratu dute. Kontzienteak dira aukeraketa ez dela erraza, erabakitakoaren ardura hartzea eskatzen duela eta zalantza berriekin bizitzeko ausardia dakarrela berarekin. Aukeraketa horrek zera esan nahi du: helduekin batera eta helduen laguntzarekin bere bizitzaren eta horren zentzuaren bilatze lanaren protagonista eta eraikitzailea den haurraren eskubideen defentsa.
Indartsua esaten dutenean, kuriositateak ematen dion indarraz ari dira, zergatiak galdetzean adierazten duen indarraz, dakiena eta jakin nahi duenaren indarraz, harridurarako indarraz...
Sendoa diotenean, helduak probokatzeaz ari dira. Ikasteko eta munduarekin harremanetan jartzeko daukan aldez aurretiko jarreraz, bizitzaren lehen unetik eta lehenagotik daukan jarrera horretaz. Sendoa erlazioan, interakzioan, bere buruarekin, mundua eraikitzen duen bitartean, eraikitzeko duen gaitasunagatik...

Hona   hemen bideo interesgarri bat!



2 iruzkin:

  1. Egun on Maitane! Hori da! kuxkuxeatzen ari naiz etxeko saloitik eta Reggio Emiliaren inguruan idatzitakoa asko gustatu zait.

    ErantzunEzabatu
  2. kaixo kaixooooo!!!
    Maite pozten naiz idatzitakoa zure gustukoa izatea.
    Bideo bat ere jarri dut.
    ikusi eta ikasi

    ErantzunEzabatu