Haurren ehun hizkuntzak : Reggio
Reggio Emilia Italiako iparraldean kokatutako hiria da, mundu osoan ezaguna 0-6 urte bitarteko haurren hezkuntza eredu (
Reggio Approach
izenez) bezala. Abentura hau Bigarren Gerrate Mundialaren ondoren hasi
zen, 1945. urtean emakume talde batek, kooperazio lanean 3tik 6 urtera
bitarteko haurrentzat lehen Haurreskolak eraiki zituztenean.
Familien partehartzea, giza harremanen pedagogia, haur eta helduen
arteko kooperazioa edo eta sormenaren garrantzia izan dira mugimendu
honen ardatzetariko batzuk.
Reggio Emilia: proiektu filosofiko pedagogikoa
Reggio Emilian beren buruari etengabe egiten dioten galdera eta
erantzuten saiatzen direna hauxe da: "Nola lagun ditzakegu haurrak, eta
ondorioz, gure buruak, egiten dugunari
zentzua bilatuz?"
Haurrak etengabe ari dira hori egiten: guri begiratzen digutenean,
gauza guztien zergatiak galdetzen dituztenean... Bizitzaren zentzua
bilatzen ari dira, izatearen zentzua. Nor naiz? Norbanakoaren zentzua
bilatzerakoan, bizitzaren zentzua ari dira bilatzen.
Nola defini daiteke galdeketa eta bilatze lan horren ondorioz,
Reggio Emiliako Haur Eskoletako esperientzia? Zer da Reggio Emiliako
partaideentzat eskola?
Ikerketa eta esperimentazio gunea da. Haurraren esperientziari, bere
bizitzaren zentzuaren bilatze bide horretan topagune bat eskaintzen
dion eskola da. Haurrek eta helduek elkarrekin eraikitzen duten bilatze
jarduna da, horren ondorioz garrantzi handiko balioa garatzen delarik,
partaidetzaren balioa: familiaren partaidetza eta protagonista guztiena; ikerketa horren balioaz kontziente diren protagonisten partaidetza.
Bere identitatea etengabe bilatzen ari den eskola da. Etengabe bere
buruari galderak egiten dizkion eskola. Eta hain zuzen ere, etengabeko
galdeketa hori da Reggio Emiliak esperientzia pedagogiko bezala
eskaintzen duena -eta eskaini nahi duena-.
Zentzuen eta esanahien bilaketa gunea da bai eskola barrua eta bai eskola inguratzen duen guztia.
Aipatu galdera horien guztien artean, bada funtsezko galdera bat,
eta, beroni erantzuterakoan, hautu bat egin dute, erantzun horrek ematen
baitio orijinaltasuna proiektuari. Hauxe da hasiera batean hain sinplea
dirudien galdera, baina erantzunaren arabera praktika desberdinak
bideratzen dituena:
Nor da, zer da haurra?
Nor da hezten ari garen eta saiakera horretan gu hezten gaituen
subjektua? Zer esan nahi du "hezi" hitzak? Zein da heziketa prozesuaren
betebeharra?...
Reggio Emilian badakite galdera horiek ez dituztela filosofoek
bakarrik erantzun behar. Badakite hezteko betebeharra duen bakoitzak ere
(irakasle, guraso...) ataka horretan jarri eta erantzun horiek bilatu
beharko lituzkeela bere hezitzaile lanaren zentzua eta esanahia
aurkitzeko.
Garbi adierazten digute haurraren kontzeptua anitza dela, ikuspegi,
garai eta kultura bakoitzak haurrari buruzko imajina/irudi bat garatzen
duela, eta
imajina/irudi hori islatuko dela heziketa proiektuetan. Reggio Emilian, eta baieztapena hau probokatzailea dela jakinda ere,
haurtzaroa existitzen ez den ideia edo premisatik abiatzen dira haurrari buruzko imajina egiterakoan.
Haurtzaroa giza eraikuntza da eta gizarte bakoitzak bere haurtzaroa
eraikitzen du. Beraz, eraikuntza sozio-politiko eta kulturala da. Gutxi
dira gaur egun eraikuntza horren abiapuntu bezala
eskubideak aukeratzen dituzten gizarteak; ohikoagoa da beharretatik eta gabezietatik abiatzea.
Psikologiak eta pedagogiak gero eta gehiago azpimarratzen dituzte haurraren beharrak, hutsuneak, gabeziak, haurrak
baduena eta haurra
badena azpimarratu
beharrean. Haur hauskorraren imajina gailendu da, beharrez eta gabeziaz
beterikoa, eman egin behar zaion haurrarena. Berari buruz guztia
erabaki dezakegu helduok. Haurra pribatua da; "nire semea-alaba", "nire
ikaslea da". Gizarteak erabili, ahaztu, ezkutatu... egin dezakeen
subjektuaren imajina gailendu da.
Loris Malaguzziri esker eraikitako esperientzia zera da: haurtzaroa
subjektu politiko eta sozial moduan erreklamatu ahal izateko eta bere
eskubideak adierazteko, elkarrekintzan eta haurraren gaitasun eta
ahalmenetan oinarritutako haurraren irudia sortzea. Reggio Emilian
haurraz hitz egiten denean, gizonaz eta emakumeaz hitz egiten da.
Horregatik, Reggio Emilian beste guztien artean imajina hau aukeratu dute:
haur sendo (indartsu)
aberats eta gaitua . Beharrak badituela ahaztu gabe, baina batez ere bere ahalmenak, errekurtsoak eta eskubideak azpimarratuz.
Haurraren imajina hori aukeratu dute. Kontzienteak dira aukeraketa
ez dela erraza, erabakitakoaren ardura hartzea eskatzen duela eta
zalantza berriekin bizitzeko ausardia dakarrela berarekin. Aukeraketa
horrek zera esan nahi du: helduekin batera eta helduen laguntzarekin
bere bizitzaren eta horren zentzuaren bilatze lanaren protagonista eta
eraikitzailea den haurraren eskubideen defentsa.
Indartsua esaten dutenean, kuriositateak ematen dion indarraz ari
dira, zergatiak galdetzean adierazten duen indarraz, dakiena eta jakin
nahi duenaren indarraz, harridurarako indarraz...
Sendoa diotenean, helduak probokatzeaz ari dira. Ikasteko eta
munduarekin harremanetan jartzeko daukan aldez aurretiko jarreraz,
bizitzaren lehen unetik eta lehenagotik daukan jarrera horretaz. Sendoa
erlazioan, interakzioan, bere buruarekin, mundua eraikitzen duen
bitartean, eraikitzeko duen gaitasunagatik...
Hona hemen bideo interesgarri bat!